NEB-K BERE JARDUERAREN AMAIERA IRAGARRI DU

2017ko uztailaren 6an

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea (NEB) 2011ko irailaren 28an eratu zen Euskadi Ta Askatasunaren (ETA) indarkeriaren amaiera egiaztatzeko. Euskal erakundeekin eta gizarte zibilarekin elkarlanean, Batzordeak egiaztatu zuen ETAk bete zuela bere indarkeriazko ekintza guztiak amaitzeko konpromisoa.

2014ko urtarrilean, Batzordeak egiaztatu ahal izan zuen ETAk erabilera operatibotik kanpo utziak zituela arma, munizio eta lehergai kopuru espezifikoa. Hau urrats txikia, baina lehendabiziko urrats garrantzitsua izan zen ETAren armagabetzerantz.

2017ko apirilaren 8an, Batzordeak, Iparraldeko gizarte zibilaren eskutik, informazioa jaso zuen ETAren armen, munizioen eta lehergaien kokapenari buruz. Informazio hau dagokien autoritate frantziarren eskura jarri zen, ETAren armategia aseguratu eta jaso zutelarik. Egun hartan bertan, beranduago, jakinarazi zen Frantziako poliziak ETAren materialaren 3,5 tona baino gehiago aseguratu zituela.

Orduko barne ministro frantsesak, Matthias Fekl, esan zuen armak entregatzea “urrats handia” zela Europako bakerantz eta segurtasunerantz. EAEko lehendakari den Iñigo Urkulluk baieztatu zuen “funtsezko urratsa zela indarkeriaren amaiera ordenatuaren prozesuan”.

Gertaera hauek kontuan hartuta, Batzordeak ondorioztatu du ETAk bete duela armagabetzeko konpromisoa.

Batzordeak bere lana osatutzat jo du eta, beraz, amaitutzat eman du bere jarduera.

NEBek bere betebeharrak arrakastaz burutzea ahalbidetu duten eragile politiko eta sozial guztiei eskertu nahi die. 2011tik, Batzordeak harreman estuan lan egin du Eusko Jaurlaritzarekin, bai egungoa eta bai aurrekoa, alderdi politikoekin -Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV), EH Bildu, Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE)- sindikatuekin– Langileen Batasun Orokorra (UGT), Euskadiko Langile Komisioak (CCOO), Eusko Langileen Alkartasuna (ELA), Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) – Confebask patronalarekin eta euskal Eliza katolikoaren ordezkariekin. Batzordeak asko eskertzen du hauen guztien laguntza eta lankidetza. Bereziki, Batzordeak aintzatetsi nahi du eragile hauek NEBen jarritako konfiantza, Batzordea arrakasta bermerik gabeko zeregin zail eta zorrotzean murgildu zenean.

NEBek Eusko Jaurlaritzari, EAEko eta Nafarroako legebiltzarrei eta Communauté Pays Basqueri ere eskerrak eman nahi dizkie, Batzordearen zeregina ofizialki bermatzeagatik armagabetze-prozesuan. Bereziki, Batzordeak Iñigo Urkullu Lehendakariari eskertu nahi dio, bere konfiantza eta lankidetza giltzarria izan baita NEBentzat 2011tik. Halaber, NEBek balioetsi nahi ditu Communautéko presidente eta Baionako auzapeza den Jean-René Etchegarayren eta Nafarroako Presidente den Uxue Barkosen ahaleginak armagabetze-prozesuaren azken fasean.  Batzordeak bere esker ona adierazi nahi dio Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu ohia den Rodolfo Aresi, emandako babes eta aholkuagatik. Era berean, Batzordeak eskerrak eman nahi dizkio Sortuko buru den Rufi Etxebarriari bere laguntza eta ahaleginarengatik. Azkenik, Batzordeak bere estimurik sakonena adierazi nahi dio Paul Ríosi eta euskal gizarte zibilaren antolakundea izandako Lokarriri, denbora honetan zehar emandako laguntzagatik.

Batzordeak eskerrak eman nahi ditu euskal gizartearen etorkizunerako urrats historiko honetan laguntzeko aukera izan duelako. NEBk espero eta sinisten du eragile politiko eta sozial garrantzitsu guztiek elkarrekin lanean jarraituko dutela euskal gizartearen bake eta elkarbizitza nahiak sendotzeko.

Batzordea osatzen duten kideak:

  • Ronnie Kasrils, Inteligentzia ministro ohia eta Hegoafrikako Defentsako ministro-ordea
  • Chris Maccabe, Erresuma Batuko Gobernuren Ipar Irlandarako bulegoaren zuzendari politiko ohia eta Espetxe erregimenen buru ohia Ipar Irlandan.
  • Ram Manikkalingam, Euskal Herriko Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko burua.  Dialogue Advisory Group nazioarteko bitartekari taldeko zuzendaria da eta Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea. Sri Lankako presidentearen aholkulari ohia, Tigre Tamilekin izandako negoziazioetan.
  • Satish Nambiar,Indiako indar armatuen Estatu Nagusiko buruzagi albokoa izandakoa. Jugoslavia ohian aritu zen 1992-93an, NBEko indarren ordezkari gisa
  • Fleur Ravensbergen, Dialogue Advisory Group-eko zuzendariordea
  • Aracelly Santana, NBEko idazkari nagusiaren ordezkari albokoa eta NBE Nepalen izandako Misioko (UNMIN) zuzendari albokoa.