NEB 2011ko irailaren 28an sortu zen. Batzordeak bere osotasunean egin du bere bigarren bilera Bilbon 2012ko urtarrilaren 25 eta 26an. Bi hitzorduen denboraldian, Batzordeko kideak Euskal Herrira etorri dira egoeraren inguruko informazioa jaso eta beronen jarraipena egiteko.

Egun hauetan zehar NEB euskal gizarteko eragile politiko eta sozial aipagarriekin bildu da: alderdi politikoak (PSE-EE, EAJ, ezker abertzaleko alderdiak); sindikatuak (UGT, CCOO, ELA, LAB); enpresa-elkarteak (Confebask); Elizako ordezkariak; eta Euskal Herriko autoritateak. Bilera hauetan ETAk su-etena deklaratu zuenetik 2011ko urtarrilaren 8an eta indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik 2011ko urriaren 20an hilketak, atentatuak, erasoak, mehatxuak eta estortsioa eten egin direla jakitera ematen duen informazioa jaso du Batzordeak.

NEBk deritzo bi adierazpenak, ETAren su-etena eta indarkeriaren amaiera, prozesu itzulezin baten baitan daudela eta ETAk ez duela inongo asmorik etorkizunean ekintza terroristak antolatu edo bortizkeria erabiltzeko.

Dena den, ETA erakunde klandestino eta armatua izaten dirau. Hala izanik, ekintza ilegalak egiten jarraitzen du, hala nola, agirien faltsutzea edo armategiak mantentzea. Ekintza hauek legez kanpokoak izan arren, ez daude nahitaez indarkeriazko ekintzak prestatzearekin lotuta.

NEBk ETAri jakinarazi dio armen eta lehergailuen jabetza iraunkorrak (bereziki arma pertsonalak eramateak) arriskutsuak izan daitezkeen egoerak sortu ditzakeela.

Batzordeak su-etenarekin zuzenean lotuta ez daudela deritzon gaien inguruko informazioa jaso du. Adibidez, kale borroka bezalako istilu isolatuak gertatu dira, Euskal Herriko alderdi politiko guztiek errefusatu dituztenak. NEBk presoen senideen alde egindako eskaerak ere aintzat hartzen ditu. Une delikatu honetan guztiz garrantzizkoa da denek era neurtu eta arduratsuan jardutea.

Harreman zuzenen bidez, ETAk NEBri ziurtatu dio bi adierazpenekin konprometitua dagoela: 2011ko urtarrileko su-etena eta ekintza armatuaren behin betiko amaiera urte bereko urrian.

NEBk lan-harreman positiboak finkatu ditu Euskal Herrian, eta harremanak hedatzen jarraitu nahi du. Batzordeak erabakitasun eta inpartzialtasunez jarraituko du lanean, Euskal Herrian bake iraunkorrerako aukera historiko honi laguntzeko helburuarekin.

Oharra

NEB hurrengo kideek osatzen dute:

  • Ronnie Kasrils, Inteligentzia ministro ohia eta defentsa Ministrordea Hegoafrikan.
  • Ray Kendall, polizia britainiar ohia, Iruzurraren aurkako Europako Batasunaren Bulegoko presidente ohia eta Interpoleko Ohorezko Idazkari Nagusia.
  • Chris Maccabe, Gobernu britainiarreko Ipar Irlandako Bulegoko Zuzendari politiko ohia  eta Ipar Irlandako Presondegi Erregimenen Buru ohia.
  • Ram Manikkalingam, Elkarrizketarako Aholkularitza Taldeko Zuzendari eta Amsterdameko Unibertsitateko Irakaslea eta Sri Lankako Presidentearen aholkulari ohia Tigre tamilen negoziazioetarako.
  • Satish Nambiar, Indiako Estatu Nagusiko Armadako Buru Adjuntu ohia eta Komandante ohia eta Nazio Batuen Babes Indarren Misio Buru ohia Jugoslavian 1992 eta 1993an.
  • Fleur Ravensbergen, NEBren koordinatzailea eta Elkarrizketarako Aholkularitza Taldeko zuzendariordea.