Prentsa ohar honen bidez komunikabide guztiei jakinarazten zaie Euskal Herrian su-etenaren Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen (NEB) aurkezpena.
Azken urteotan bakeranzko aurrerapauso garrantzitsuak gertatu dira Euskal Herrian. Gaur garai itxaropentsu baten aurrean gaude. Etapa honetara iristen lagundu duten faktoreen artean, nabarmentzekoa da euskal gizartearen eskakizun argi eta irmoa indarkeria behin betiko amai dadin.
Prozesu honetan funtsezko pausoa da su-eten sinesgarri eta itzulezina. Horregatik, euskal gizarteko hainbat elementuk adierazi dute ETAk 2011ko urtarrilaren 10ean iragarritako su-eten “iraunkor, orokor eta egiaztagarria” egiaztatzeko mekanismo bat sortzeko beharra.
NEBren eraketak euskal gizarteko elementu ezberdinek Batzordeko kideei su-etena egiaztatzeko mekanismo bat sortzeko egindako eskakizunari erantzuten dio.
NEB bake prozesuetan eta segurtasun gaietan nazioarteko esperientzia zabala duten hainbat pertsonek osatzen dute. NEBren helburua ETAren su-etenaren egiaztapenean jardutea da lan serio eta zorrotza eginez. Horretarako, Batzordeak euskal gizarteko elementu posible guztiekin egingo du lan.
Azken bi egunotan NEB Euskal Herriko alderdi politiko, enpresarien elkarte, sindikatu eta Elizako ordezkariekin bildu da Batzordearen lanaren hasierari buruz hitz egiteko.
NEBk aldizkako bilerak izango ditu euskal gizarteko elementu posible guztiekin Euskal Herriak eskatzen duen su-eten sinesgarri eta itzulezina sendotu eta sakontzen lagun dezaketen datu, ideia eta proiektuak elkarbanatzeko helburuarekin.
Hauek dira NEBko kideak:
- Ronnie Kasrils (Hego Afrika)
- Ray Kendall (Erresuma Batua)
- Chris Maccabe (Erresuma Batua)
- Ram Manikkalingam (Sri Lanka)
- Satish Nambiar Teniente Jenerala (India)
NEBren Koordinatzailea Fleur Ravensbergen izango da.