Sarrera Ram Manikkalingam-en eskutik

Jaun-andreok:

Ongietorriak Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen inaugurazio bilerara. Batzordeko gainerako kideen izenean, gaurko bilerara etorri izana eskertu nahi dizuet. Alderdi politikoek, sindikatuek, elizak eta enpresarien federazioak osatutako euskal gizartearen ordezkaritza bat dugu hemen. Eta gure aurrean, erronka bat den eginkizun bat: su-etenaren egiaztatzea. Haatik, gai honi elkarrekin eutsiko diogun itxaropena dut.

Elkar ezagutzea da bilera honen helburua. Hiru galdera erantzungo ditut bileran: Nortzuk gara? Zergatik gaude hemen? eta Zer egin behar dugu?

Nortzuk gara?

Euskal Herriko Su-etenaren Nazioarteko Egiaztatze Batzordea gara. Nire eskuinean, amaieratik hasita, Chris Maccabe jauna aurkezten dizuet. Maccabe jaunak Ostiral Sainduko Hitzarmenaren negoziazioetan parte hartu zuen Erresuma Batuko Gobernuko Ipar Irlandako Bulegoaren zuzendari politiko bezala. Hitzarmenaren erredakzio lana gauzatu zuen Angloirlandar Konfederazioaren Alboko Idazkaria ere izan zen. Ipar Irlandako Espetxe Erregimenetako Nagusi kargua bete du eta badu eskarmentua beste bake-prozesu batzuetan ere.

Nire ondoan, eskuinean, Satish Nambiar Teniente Jenerala dago. Indiako Armadaren Estatu Nagusiko Alboko Nagusia izan zen. Nazio Batuetako Indarreko Komandante ere jardun zen Jugoslavia-ohian. Berriki, mehatxuei, erronkei eta Nazio Batuetako Idazkari Nagusiaren aldaketari buruzko goi mailako Taldean parte hartu du.

Nire ezkerretara Ronnie Kasrils jauna dago, Hegoafrikan Defentsa Ministro-orde izandakoa demokraziarako trantsizioa eta berehala. Inteligentzia Ministro eta Gai Hidriko eta Forestaletako Ministro ere izan da. Hegoafrikan apartheid-en aurkako borrokan buru aktiboa izan zen. Kongresu Nazional Afrikarreko kide da.

Bere ondoan, Ray Kendall dago. Duela urte batzuk arte Interpoleko Idazkari Nagusi izan da. Kendall jauna Scotland Yard-eko Mandatari Adjuntoa ere izan zen eta urte asko eman ditu ‘Special Branch’-en (Erresuma Batuko Poliziaren Segurtasun Nazionalerako Sail Berezia) zerbitzupean. Zuetako askok dakizuen bezala, Euskal Herriko gaietaz arduratzen den Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide izan da Kendall jauna. Segurtasun indarretan duen esperientzagatik, batzordearen lanerako baliagarri izan zitekeela iruditu zitzaigun, eta hori dela-eta, Harremanetarako Nazioarteko Taldea utzi du aurrerantzean Nazioarteko Egiaztatze Batordeko kide izateko.

Nire ezkerrean, amaieratik hasita, Fleur Ravensbergen anderea dago, Dialogue Advisory Group-eko Programen Zuzendaria. Eskarmentu zabala du. Beste toki batzuen artean, Ipar Irlandan eta Iraken gatazka egoeratan aritu da lanean. Beste ekintzen artean, armen entregurako erraztaile lanetan jardun zen, bai eta eta Ipar Irlandako erreplublikar espetxeratu disidenteen eta espetxe-agintarien arteko hitzarmenaren aplikazioan ere. Batzordeko Koordinatzaile lanetan jardungo da bera.

Azkenik, utz iezadazue neure burua aurkezten. Ram Manikkalingam naiz. Amsterdameko Unibertsitateko irakasle naiz eta Dialogue Advisory Group-eko zuzendari. Erraztaile lanetan parte hartu dut munduko toki ezberdinetan. Aurretik, Sri Lanka-ko Presidentearen Aholkulari Nagusia izan nintzen. Nazioarteko Bake eta Segurtasunari buruzko Rockefeller Fundazioaren programa ere gidatu nuen.

Zergatik gaude hemen?

Bada Euskal Herrian indarkeriari behin betiko amaiera jartzeko aukera bat. Euskal gizartearen desioa da. Espainiar gizartearen desioa da. Eusko Jaurlaritzaren desioa da. Eta Espainiar Gobernuaren desioa da.

Su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria iragarri zuen ETAk 2011ko urtarrilaren 10ean. Eszeptizismo handiz izan zen hartua ETAren su-etenaren iragarpena. Eszeptizismo hori partekatzen genuen guk ere. Orain, irgagarpenatik bederatzi hilabete igaro direnetik, urriagoa da eszeptizismoa eta handiagoa itxaropena, baina oraindik ez gara iritsi indarkeria behin betiko amaierara heldu den puntura.

Su-etena egiaztagarria zen ETAren iragarpenak honakoa egitera eraman zituen ETAk bere konpromisoari eutsiko ziola bermatu nahi zuten euskal gizarteko sektore batzuk: aipatu egiaztatzea eskatu eta eskaera hori nazioarteko hizketakide ezberdinei iristarazi zieten. Harremanetarako Nazioarteko Taldea zegoen hizketakide horien artean. Su-etena egiaztatzeko ez gaitasunik ez eta desiorik ere ez zuela iritzi zuen Harremanetarako Nazioarteko Taldeak.

Ez zuen gaitasunik bere kideak giza eskubideetan eta zerikusia duten gai politikoetan adituak baitira, eta ez segurtasun eta armada gaietan. Ez zuten egiaztatzeko asmorik, pertsona batzuen aldetik jokabide partzialarekin hautemanak izango ziren sentsazioa baitzuten. Nik, pertsonalki, ez dut uste partzialak direnik. Haatik, Euskal Herriko egoerari heltzeko orduan, alderdietako batean zentratu ziren alderdi honen aldaketa lortzeko asmoz, eta horrek alderdikeriaren hautematea ekarri zuen. Arrazoi hauengatik, su-etena egiaztatzeko aukera ikastea eskatu zieten Batzordeko kideei.

Bilbora etorri ginen eta hizketakide sorta batekin bildu ginen: eliza, Enpresarien Federazioa, Eusko Alderdi Jeltzalea, Euskadiko Alderdi Sozialista eta Ezker Abertzalea. Hizketakide izan genituen guztiak bat zetozen gai nagusi batean: su-etenak jarraitu egin behar zuen.

Haatik, ikuspegi ezberdinak zituzten su-etena gauzatu zen moduaren inguruan. Batzuek bai segurtasun indarrei —polizia eta inteligentzia zerbitzuak— bai eta nazioarteko lankidetzaren eraginkortasunari ere egozten diote su-etenaren arrakasta. Beste batzuek ETAren ikuspegi politikoak (baina ez metodoak) partekatzen dituztenen artean izandako jarrera aldaketari egozten diote su-etena. Beste batzuek faktore bien arteko konbinazioa ikusten dute su-etenaren arrazoi bezala. Hemen garatzen jarraituko den eztabaida da hau. Guri, Batzorde bezala, gutxiago kezkatzen gaituzte su-etena ekarri duten zio zehatzek eta gehiago etorkizunean mantentzeko erak.

Horrela bada, gure lana hasi eta su-etenaren egiaztapenari ekiten hasi baino lehen, beharrezkoa genuen jakitea ETAk su-etenaren gure interpretazioa onartzen ote zuen. Su-etenean “iraunkorra” adjektiboa nahikoa ez zela iruditzen zitzaigun, izan ere, aurretik jada iraunkor izendaturiko su-etenak gauzatu baitira. Halaber, “egiaztagarria” adjektiboa nahikoa ez zela iruditzen zitzaigun, su-eten bat egiaztatu behar bagenuen, ezaugarri egokiak zituen su-etena izan behar baitzuen, egiaztatzeko merezimendua izango zuena. Eta, azkenik, kunplimendu mailarik altuenak emango zirela ziurtatu nahi genuen.

Guretzat ezinbestekoa zen ETA ados egotea su-etena aldebakarrekoa eta baldintzarik gabekoa den gure interpretazioarekin. Aldebakarrekoa, esklusiboki ETAk bere gain hartutako konpromisoa delako, Madrilgo gobernuak edo Gasteizko gobernuak egiten dutena egiten dutela ere. Eta baldintzarik gabea da, ETAk ezin baitu argudiatu beste pertsona edo entitate batek ez duela hau edo hori egin su-etena urratzeko zio bezala.

ETA su-etenaren gure interpretazioarekin bat zetorrela bermatu genuen bezain pronto, batzordea eratu eta Bilbora etorri ginen.

Nola arituko gara lanean?

Zuen mende gaude —euskal gizartearen osagai giltzarri bezala— su-etena egiaztatzeko. Arrazoi ezberdinengatik: Lehenik eta behin, zuek badakizue —inor baino hobe— zer gertatzen den euskal gizartean. Su-etena bete-betean errespetatzen ari al dira? Egoera hobetzen edo okertzen ari al da? Zeintzuk dira pertsonek aurrez aurre dituzten arazo zehatzak? Eta zuek gu baino askoz ere hobe kokatuta zaudete zer gertatzen ari den jakiteko.

Bigarrenik, beste konpromiso asko ditugun nazioarteko talde txiki bat gara. Ezin gara instalatu hemen iraunkorki, eta horregatik, zuek bezalako pertsonekin egin behar dugu lan su-etena eraginkortasunez egiaztatzeko. Zuek gabe, soilik ezin dugu betekizun hau garatu. Zuen kideekin hitz egin eta su-etenaz haien ikuspegiak bilduko dituzuela espero dugu. Zer moduzko funtzionamendua duen eta nola hobetu daitekeen.

Jarraian, zuekin aste gutxiko aldearekin bilduko gara zuen txostenak era indibidualean eta taldekakoan eman diezazkiguzuen. Txosten hauek konfidentzialtasunik handienarekin erabiliko ditugu. Behin horiek jasota, gure eskuetara iritsiko diren beste agiri batzuekin alderatuko ditugu. Orduan, Batzordearen baitan eztabaidatuko ditugu eta, azkenik, erabaki bat hartuko dugu. Behin erabaki hori hartuta, gure ondorioak dagokien eragile sozialei helaraziko dizkiegu egoki bederitzote neurriak hartzeko.

Denborarekin, Euskal Herriko eta gobernu nazionaleko mandatariekin lokarriak finkatzea aurreikusten dugu su-etenaren aplikazioaz haien ikuspegiak jasotzeko. Begi-bistan da badela soilik gobernuetako mandatariek eduki dezaketen informazio zati bat. Gure lana gauzatzen hasi baino ez gara egin, eta Espainiak une delikatua bizi du hauteskundeak direla eta. Hortaz, jakin badakigu betebehar honek bere denbora beharko duela.

Zer ez dugu egin behar?

Halaber, garrantzitsua da ez zuek, gure bazkide giltzarri bezala, ez eta euskal gizarteak orokorrean ere, ez jartzea gugan, kanpotar talde txikia garen neurrian, bete ezin ditzakegun espektatibak. Horrenbestez, oso argi zehaztu behar dugu zer ez dugun egin behar.

Ez gara gai politikoez arduratzen garen erakunde bat, su-etenarekin lotutako gaiez arduratzen den talde tekniko bat. Batzordeko kideek beren ikuspegi pertsonalak izan ditzaketen arren euskal eta espainiar politikaz, batzorde bezala eragiten ez digun zerbait da. Guk ezin diegu heldu gai batzuei, hala nola orgarnizazio bat legalizaztu beharko litzateeen edo zer gertatu beharko litzateke presoekin, eta beraz, ez dugu egingo. Gai garrantzitsuak dira, zalantzarik gabe, baina ez da gure eginkizuna horiez arduratzea. Gure eginkizuna ez da hain zabala eta mugatu egiten da ETAk iragarri duen su-etenaren kunplimendura edo kunplimendu ezara.

Era berean, ez gara ETArekin edo bere kideekin, organizazio bezala, lotutako gai guztietaz arduratzen den organismo bat. Ez dauzkagu ETAren ekintza guztiei (bai legezkoak nola beste era batetakoak) aurre egiteko baliabide, denbora eta gaitasunik. Espainiar eta euskal mandatariak hobe kokatuta daude hori egin ahal izateko. Beste berriz ere, gure betekizuna mugatu egiten da ETAren aldetiko su-etenaren kunplimendura eta konpromiso hau errespetatzen ari den edo ez egiaztatzera.

Azkenik, euskal testuingurua guretzat berria dela nabarmendu nahi dut. Gaiaren konplexutasunaz ikasten ari gara eta ikasketa prozesuan akatsak egingo ditugu, Batzuetan ezkajinak ematen badugu barka diezaiguzuela eskatzen dizuegu orain. Zuen laguntza eta aholkularitzarekin egoera honetako aspektu zehatzak ezagutuko ditugu eta gure lana ahalik eta hoberen egiteko gai izango gara.

Norbanakoaren izenean gaude hemen eta ez gure gobernuetako ordezkari gisa. Bake-prozesutan, segurtasun indarretan eta indar militarretan eta inteligentzia zerbitzutan dugun talde esperientzia baliatuko dugu eginkizun hau garatzeko. Prozesu berri baten hasieran gaude, baina eginkizunarekin konprometituta gaude eta epe luzerako gaude hemen. Gaur zuek guztiak hemen zaudetela ikusteak eta hemen ez daudenen babesa ere badugula jakiteak konfidantza eragiten digu Euskal Herria indarkeriaren behin betiko amaieraruntz mugitzen ari dela sinisteko.

Eskerrik asko.